Menu

agenda de barrundia

Euskara


Euskara da Barrundiako herrien jatorrizko hizkuntza; horren erakusgarri, bertoko toponimia, udalerriaren izenetik bertatik hasita. Hala, Marieta-Larrintzar, Elgea, Ozeta, Hermua eta Larrea euskaraz egiten zeneko eremutzat jo zituen Luis Luziano Bonapartek 1863an eginiko ikerketan. Bestalde, Ladislao Velascok 1879an azaldutakoaren arabera, Barrundian, Ganboan eta Gebaran 430 euskal hiztun zeuden (ikusi dugun lez, gaur egungo Barrundiako herriak garai hartako udalerri haien barrukoak ziren). Garai hartan 2.000 biztanle inguru zegoenez, % 21 euskal hiztunak ziren.

 Pedro Yrizarren 1973ko ikerketan, berriz, hiru euskal hiztun baino ez ziren egiaztatu Barrundian; bat Marieta-Larrintzarren, beste bat Elgean, eta beste bat Ozetan; eta kuriosoa da, hiru herri horiek hiru udalerri zaharrekoak dira-eta. Gaur egun, azken urteotako hezkuntza-politikei esker, berriz ere euskaraz egiten da Barrundian. Batez ere gazteek eta umeek darabilte, ohiko hizkuntza bilakatzeko askotxo falta bada ere. Orain barrundiarren % 27 euskal hiztunak dira, eta herritarren beste % 19k badaki zerbait, alegia, ulertu egiten du, hitz egiteko zailtasunak izanda ere.