Menu

Naturaren bidea

Lautadak, oro har, antzina-antzinatik izan du gizakiaren eragin handia. Horrek, baina, ez du esan nahi naturak bere garrantzia galdu duenik. Naturaren indarra bereziki nabarmena da Barrundian. Gizakiak aspaldi-aspaldi hasi ziren lur honetan janari bila. Gune lauetako basoetan, pixkanaka-pixkanaka, laboreak nagusitzen hasi ziren, eta mendietan gero eta abere gehiago bazkatzen ziren. Horrek, beraz, eragina izan zuen bertako landaredian. Hala ere, zenbait baso-irla gorde dira, hala nola: Aldaia mendiko artadia.
Uribarri Ganboako urtegia eraikitzearekin bat, ekosistema berria sortu da: hezeguneak. Oso ingurune garrantzitsua da hegazti migratzaileentzat.
Bestalde, Lautada aitzindaria izan da energia berriztagarrien arloan. Eztabaida handien ondoren, haize-errotak geure paisaiaren parte bilakatu dira.

Mendixurko ornitologia-parkean hasiko dugu ibilbidea. Uribarri Ganboako urtegiko muturretako batean dago. Atsedenleku garrantzitsua da hegazti migratzaileentzat. Hainbat espeziek negua igarotzen dute han, eta beste askok habia egiten dute. Handik, A-3012 errepidetik jo eta Larreara joango gara. Bidean Garaioko parkera daraman bidegurutzea utziko dugu atzean. Toki atsegina da eguzkia hartu eta bainatzeko. Errepidean aurrera eginez, Elgea mendilerroko ertza ikusiko dugu, sorgailu eolikoz josita. Elgea herritik, mendi-bide batetik igo daiteke zentral eolikoraino. Zentrala ustiatzen duen enpresak, Iberdrolak, bisita informatiboak antolatzen ditu, zentrala gertutik ezagutu ahal izateko.