Menu

ELGEATIK LARREARA GR-25 BIRA ERABILIZ

ELGEATIK LARREARA GR-25 BIRA ERABILIZ

ELGEATIK LARREARA GR-25 BIRA ERABILIZ

Oraingo honetan, gure proposamena Barrundian barrena GR-25 zidorraren (Arabako Lautadaren bira) zati bat egitea da, Elgeatik Larreara hain zuzen.

GR-25 birak Lautada osoari ematen dio bira, proposatzen dugun ibilbidea beste bide handiago baten barruan kokatzen da, ia 30 kilometroz Barriatik Legutiora joaten denaren barruan alegia. Gureak soilik 11, 6 kilometro ditu, ia aldaparik hartu gabe, mendi magaletatik joaten da, baso eta soroak banatzen dituen antzinako bideak erabiliz.

Elgean hasita, herri bukaeraraino joan behar da, eta eskumarantz abiatzen den bide bat hartu; ez dago galtzerik, GR-25 ibilbidearen seinalea dago eta, zuri eta gorriz markatua. Bertan, gure ibilaldiaren luzera adierazten da, 11,6 km Elgeatik Larreara. Bideak ezkerrera jotzen du, iparraldera, eta baserri bat atzean utzita, ezin izango gara nahastu, berehala aurkituko baitugu GR-aren beste seinale bat, eskumara bideratuko gaituena, ekialdera beraz. Linea elektriko bat zeharkatu ondoren, errekatxo bat ere gurutzatu beharko dugu, aurrerago, ametz gazteez (haritz mota bat, Quercus pyrenaica latinez) inguratutako bide estu batekin egingo dugu topo, eta 15 minutu inguru ibili ondoren, bide edo pista handiago bat hartu behar dugu, aldapan behera. Berriz ere ezkerrera jo, eta etxe bihurtutako borda handi batera iritsiko gara, hegoaldean larre polit bat duena, astotxo eta pottoken bazkaleku. Etxea inguratzen duen hesia jarraituz pista zabal batera iritsiko gara, non berriro ere GR-25 zidorraren seinalea aurkituko dugun; puntu horretan Ozaetatik 2 kilometro ingurura egongo gara, baina herritik urrundu behar gara, pistan eginez, berriz iparraldera, Elgea mendilerroa aurrean dugularik.

Ozaeta herriaren ur-hornidurarako balio duen ur-biltegia alde batera utzita beste borda batera iritsiko gara; laster eskumara jo beharko dugu berriro, bide nagusia utzita, eta erreka txiki batzuk zeharkatu –arazorik gabe zeharkatu ere–, betiere ameztiaren barruan goazela. Arespiastu izeneko eremu batera iritsi orduko, hesi bat zeharkatu behar dugu, inguru horretan ere GR-aren seinaleak daude, nahiz eta beti nabarmenak ez izan; kontuz ibili, beraz, zona horretan.

Ondoren aldapa gora daukagu, eta bidearen bi aldeetara beste haritz espezie baten ale erraldoiak ikus ditzakegu, Quercus petraea dira, euskaraz “haritz kandugabea”. Zuhaitz hilak eta lurrean eroriak ere ikus daitezke; garrantzitsua da egur ustelduaren presentzia basoetan, bertan zenbait animaliak babesa edo jana lortzen baitute: kakalardoak lehengo kasuan, esaterako, eta bigarrenean horiez elikatzen diren zenbait okil espezie.

Laster, abeletxeko txabolak aurkituko ditugu, eta bertara iristen den pista nabarmena zeharkatuko dugu, ekialdera abiatuz. Kontuz berriz seinaleekin, ez baitira beti behar bezain ongi ikusten. Edonola ere, ez badituzue GR-25en seinaleak aurkitzen, Barrundiako nordic walking ibilbidearen markak balia ditzakezue; izan ere, Ozaetatik Larrearako bidea berbera da ibilbide bietarako. Basorik gabeko zona txiki bat pasako dugu eta berriz ameztian sartuko gara, eta hegoaldera abiatuz Pestegira doan pistari kasu egin gabe, ezkerraldera joko dugu, Ardanubeta edo Larrakola baltsara iritsi asmoz.

Abeletxeko txabolak eta Ardanubeta baltsaren artean, euskaraz “basokorta” eta gaztelaniaz
“sel” deituriko lursail biribil bat inguratuko dugu. Horrela deitzen zaie auzotarrek baso komunaletan
utzitako lursailei: era berezi batean ustiatzen ziren itxura borobil berezia lortzeko, haustarri izeneko 17 harri bat ardatz hartuta taxutzen ziren, harriari soka edo kate bat lotu eta biraka zirkulu bat osatzen
zen. Zirkulu barruko eremua erabilera pribatukoa zen. Itxura borobil horretaz ondo ohartzeko modu
onena airetiko argazkia da.

Ardanubeta baltsara ailegatzeko egurrezko zubi txiki batetik pasako gara, eta, berehala, baltsatik Larreara eramango gaituen bidea hartuko dugu. Hemendik aurrera ez dago galtzerik, ez dugu daramagun bidea utzi behar. Larreara iritsi baino kilometro bat lehenago Barriarantz doan GR- 25 zidorraren jarraipena ikusiko dugu; hortik Barriara beste 3,8 kilometro faltako zaizkigu, baina hurrengo baterako utziko dugu.