Menu

Historia

Historia

barrundia

Izenak berak dioen bezala, barruko aldean dago, mendien arteko zenbait haranetan barreiatuta.

Barrundiari buruzko lehenengo aipamenak “Reja de San Millán” izeneko agirian aurkitzen ditugu, eta 1025. urtekoak dira. Agiri horretan, Donemiliaga Kukulako monasterio napar-errioxarrari zerga gisa burdinazko nabarrak ematen zizkioten Arabako herrien zerrenda agertzen da. Garai hartan, bai Araba, bai Errioxa, Nafarroako Erresumaren barruan zeuden.

Dokumentuan, Barrandiz merindadea agertzen da, eta Barrundiako gaur egungo herri gehienak agertzen dira bertan, orain Donemiliagako eta Asparrengo udalerrietan dauden beste herri batzuekin batera.
Gaur egun Barrundian dauden herri batzuk, berriz, Ganboako merindadekoak ziren orduan.

udalerrien osaketa

udalerriaren osaketan hainbat gorabehera izan dira historian zehar. Erdi Aroko eta Aro Modernoko herriak bi motatakoak izan zitezkeen, errealengokoak, zuzenean Koroaren menpe zeudenean, ermandadetan bilduta, eta jaurerrikoak, jaun baten jurisdikzioaren menpe zeudenean. Gure kasuan, banaketa hori, 1835era arte iraun zuena, honako hau zen:

  • Audikana, Dallo, Etxabarri Urtupiña, Heredia, Hermua, Larrea, Matura, Otatza, eta Zuhatzola Barrundiako Ermandadean zeuden.Garaio, Marieta eta Mendixur Ganboakoan.

  • Larrintzar Larrintzarreko Ermandadean, zeina jaurerrikoa baitzen.

  • Elgea, Etura, Gebara, Ozeta eta Urizar Gebarako jaunen jaurerriaren menpe (Gebarako jaunak Oñatiko kondeak izango ziren gerora). 

Jaurerriak desagertu zirenean, 1835ean, udalerri hauek osatu ziren:

  • Barrundia. Herri hauek hartzen zituen: Audikana, Dallo, Etxabarri Urtupiña, Heredia, Hermua, Larrea, Matura, Otatza, Ozeta eta Zuhatzola. Hiriburua Audikana zen. 

  • Ganboa. Herri hauek hartzen zituen: Garaio, Larrintzar, Marieta eta Mendixur eta, gainera, Azua, Mendizabal, Langara, Orenin eta Zuhatzu. Hiribura Azua zen.

  • Gebara, herri hauekin: Elgea, Etura, Gebara eta Urizar. Hasiera batean, udalerri honetan Oñati ere bazegoen, antzinako jaurerriko hiriburua baitzen, eta udalerri osoa Araban zegoen, Oñati barne, baina laster banatu zen lurraldea Araba eta Gipuzkoa artean.

euskara

Euskara da Barrundiako herrien jatorrizko hizkuntza; horren erakusgarri, bertoko toponimia, udalerriaren izenetik bertatik hasita.

Hala, Marieta-Larrintzar, Elgea, Ozeta, Hermua eta Larrea euskaraz egiten zeneko eremutzat jo zituen Luis Luziano Bonapartek 1863an eginiko ikerketan.

Bestalde, Ladislao Velascok 1879an azaldutakoaren arabera, Barrundian, Ganboan eta Gebaran 430 euskal hiztun zeuden (ikusi dugun lez, gaur egungo Barrundiako herriak garai hartako udalerri haien barrukoak ziren).

Garai hartan 2.000 biztanle inguru zegoenez, % 21 euskal hiztunak ziren.

Pedro Yrizarren 1973ko ikerketan, berriz, hiru euskal hiztun baino ez ziren egiaztatu Barrundian; bat Marieta-Larrintzarren, beste bat Elgean, eta beste bat Ozetan; eta kuriosoa da, hiru herri horiek hiru udalerri zaharrekoak dira-eta. Gaur egun, azken urteotako hezkuntza-politikei esker, berriz ere euskaraz egiten da Barrundian. Batez ere gazteek eta umeek darabilte, ohiko hizkuntza bilakatzeko askotxo falta bada ere.

Orain barrundiarren % 27 euskal hiztunak dira, eta herritarren beste % 19k badaki zerbait, alegia, ulertu egiten du, hitz egiteko zailtasunak izanda ere.