Menu

agenda de barrundia

patrimonio

Barrundiako erliebearen ezaugarri nagusia Aizkorriko antiklinalarekiko paralelo doazen tolesturak dira. Elgeako mendiak dira horiek, eta Aumategigaina da altuena (1.191 m), Barrundiako mendirik altuena ere badena. Hegoalderago, beste mendilerro bat dago, Aldaia mendia gailur duena (789 m), eta are hegoalderago, beste bat, Atalaia edo Atila izenekoa, askoz apalagoa, 600 metro inguruko muinoz osatua eta udalerriko hegoaldeko muga osatzen duena. Lurra kareharrizkoa da, eta sedimentu kuaternarioak ditu haranen hondoan, baina higadurak antzinagoko lur silizeoak azaleratu ditu. Garai batean, harri silizeo horiek erauzi egiten ziren, adibidez Elgeako harrobi famatuetan. Gaur egun, mendilerroaren gainaldean energia sortzeko zentral eoliko bat dago.

Egitura berezi horrek ibaien sistema ere baldintzatzen du. Hegoaldeko harana Zadorra ibaiak zeharkatzen du, eta iparraldekoa horren adarra den Barrundia Ibaiak, zeinak ur asko jasotzen baitu Elgeako mendietako maldetan behera datozen erreketatik.

 Klima trantsiziozkoa da, atlantikoaren eta kontinentalaren artekoa, eta euri asko egiten du, 1.000 mm/m2 urtean, gutxi gorabehera. Zientifikoki, negu hotzeko klima epel euritsua litzateke.

Landaredi potentziala, hau da, gizakiaren presentziarik gabe egongo litzatekeena, oso ugaria da halako espazio txiki baterako. Elgeako mendilerroko gainaldeak orein-belarraren (Nardus stricta) lekua dira, 800 eta 1.100 metro bitarteko tartea pagoarena (Fagus sylvatica), 600 eta 800 metro bitarteko tartea ametzarena (Quercus pyrenaica), Barrundia ibaiaren haranaren hondoa haritz kandudunarena (Quercus robur) eta hortik hegoaldera erkametzarena (Quercus faginea), Gebara-Aldaia barne-mendilerroko goialdea izan ezik, hori arte-lekua baita (Quercus rotundifolia); ibai-ertzak, berriz, haltzaren eremuak dira. Baina landaredi ideal honetan ez bezala, errealean haranen hondoak laboreek eta larrek hartu dituzte; pagadiak ia desagertu egin dira, larreei eta txilardi zabalei leku egiteko; ametza ugaria da oraindik, baina haritz kanduduna oso bakana; erkametza eta artea nagusi dira barruko mendilerroan. Larizio pinuen (Pinus nigra) eta pinu gorrien (Pinus sylvestris) sailak ere badira. 

Fauna aberatsa eta askotarikoa da oraindik. Ugaztunen artean, badira katagorriak, erbiak, azkonarrak, azeriak, lepahoriak, erbinudeak, basurdeak eta orkatzak, gero eta ugariagoak azken aldian. Hegazti-fauna ere oso interesgarria da, batez ere, urtegiaren azken muturrean: Mendixurren, Urizarren eta Garaion. Duela urte batzuetatik hona, amiamokoek habiak egin dituzte Garaion eta Larrintzarren. Uso-pasea ere ugaria da.